ZER DA ALTXAPORRU? // gorkasasieta@gmail.com // 619689884 // Itsaso, Gipuzkoa

domingo, 3 de mayo de 2015

"Esparrago triguero"-ak

Iaz jakin genuen Asteasuko lagun batzuei esker, inguru hauetan ere ondo ematen dela esparrago edo zainzuria, eta gurean ere probatzea pentsatu genuen. Orain urtebete, 2014ko apirilean landatu genituen baratzan. Landaketa iraunkorra da, behin landatuta urtero ematen du toki berean, udaberrian (10 urtetan bai, gutxienez). Lehenengo lana, sokarekin markatu eta erretena egitea izan zen, ilaran sustraiak sartzeko, "zarpak". Horrelako 200 zarpa inguru landatu genituen, 40 metroko bi ilaratan, 30 zm inguru lurperatuta.

 Aste batzuk barru hasi ziren landareak ernetzen, baina lehenengo urtean ez dira moztu behar, sustraiak ondo garatu daitezen. Neguan landareak bere kasa ihartzen dira, eta moztu eta kendu egin behar dira udaberrirako.
 Eta urtebete ondoren, hasi dira esparragoak ateratzen, eta saskietan sartzeko moduan gara! 3-4 egunetik behin moztu behar dira, erabat ireki aurretik, eta hozkailuan jasotzen ditugu saskietan denoi jartzeko adina izan arte.

 Guk berdetan bilduko ditugu, baina lurrarekin edo plastiko beltzarekin estaliko bagenitu, eta egunero bildu,  zuriak izango lirateke (lurretik atera eta eguzkiak ematen dienean berdetzen dira). Gainera, zuriak sukaldean prestatzen ere lan gehiago dute, zuritu eta egosi egin behar direlako, eta berdeak zuzenean prejituta edo labean presta litezke.
Oso gustora gaude emaitzarekin, ez genekielako hemen landatu zitekeenik, eta oso goxoak daude gainera! Hemendik ekainera bitarte jasoko ditugu, beraz oso ondo dator udako barazkiak hasi aurretik saskiak osatzeko ere. On egin!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario