ZER DA ALTXAPORRU? // gorkasasieta@gmail.com // 619689884 // Itsaso, Gipuzkoa

sábado, 30 de marzo de 2013

Txahal haragi ekologikoa

 Urkulegin betidanik izan ditugu larre-behiak, eta 2012ko ekainetik araudi ekologikoan erregistratuta ditugu. Momentu honetan sei behi dauzkagu, bost Pirenaika arrazakoak, eta bat Flekviech arrazakoa. Pirenaika arrazakoak utzi ditugu bertako arraza baita eta oso ondo egokituta baitago gure ingurunera. Flekviech arraza izatez Suitzarra da, esne gehiago du Pirenaikoek baino, eta oso ondo egokitzen da gure ingurura eta produkzio ekologikora.  Zelaiak garbi mantentzeaz gain, bide bazterrak ere garbitzen dituzte zelai batetik bestera bidean.

 Argazki hau martxoaren hasierakoa da. Eguraldi ona bada baratze inguru eta sagastietara bidaltzen ditugu larrera. Oraindik sagarrondoek ez dute hostorik izaten garai honetan, eta ez diete kalterik egiten. Udan ezin dira sagastian sartu hostoak jan eta adarrak puskatzen baitizkiete bestela.
 Beste argazki hau apirilekoa da, eta gereziondoa da lore txuriz beteta dagoena.

 Eta nahikoa jandakoan etzan, hausnarrean egiteko...
 Neguan, larrean ibiltzeko girorik ez denean, eguraldiagatik eta zelaiak oso bustita daudela ibiliz gero lokaztu eta hondatu egingo bailituzkete, ikuiluan egoten dira behiak. Orduan, udaberri eta udan etxeko zelaietan bildutako belarra ematen diegu.
 Belar hau ondu (lehortu) eta fardo txikitan biltzen dugu ganbaran pilatuta jasotzeko, eta baita silo moduan ere, bola plastifikatuak eginez zelai hoberenetan, eta zelai malkartsuagoetakoa eskuz biltzen dugu gurdidun traktorera eta betiko silo zuloan pilatu. Belar berdea pilatzen da ikuiluan dugun fosa moduko zulo batean, eta gero estali fermentazio egokia eman dadin, negura arte ondo kontserbatzeko.
 Neguan zelaietan ibiltzea posible ez denean ere, ikuiluko ateak beti irekita daude eta partzelatxo bat prestatua dugu ikuiluaren ondoan behiak ariketa pixka bat egin ahal izateko. Araudi ekologikoan eskatzen den baldintzetako bat da hau.
 Ikuiluan etzateko tokia bereiztua dago, behiak aurreraka bakarrik sartu litezke, ximaurra erdiko pasilora erortzen da eta  horrela beti garbi mantentzen dira. Etzanleku hauetan etxean bildutako garoa ipintzen dugu bi helbururekin, behiak goxoago egoteko eta ximaurraren konpostatze prozesua hobetzeko. Gero baratzetan eta zelaietan erabiliko dugun ximaurra. 
 Txekorrak gizentzerakoan, zortzi hilabete ingurura arte beraien amekin egoten dira, eta ondoren bereiztu egiten ditugu. Txekorrentzako Urteagako ikuilua prestatu dugu, kanpora irteteko partzelatxoarekin. Barruan belar ondua nahi adina izaten dute, eta pentsua egunean bi aldiz ematen diegu, gehienez lau kilo egunean.  Horrela, txekorren elikagaiaren %60 baino gehiago belarra da, araudi ekologikoak eskatzen duen bezala. Modu industrialean gizentzen direnei, pentsua nahi adina eta lastoa jartzen zaie, eta zortzi hamar kilo pentsu ere jan dezakete egunean.


Pentsu ekologikoa Olaberrian dagoen "Goierriko nekazal kooperatiba"-n erosten dugu, horrelako zakuetan. Gipuzkoan pentsu ekologikoa prestatzen den toki bakarra da.

Osagaiak artoa (%45), garagarra (%30) eta baba (%25) dira, eta ez dauka inolako aditiborik







 Ikusi dugun bezala, urte osoan behi eta txekorren elikagai nagusia belarra da, pentsu pixka batekin lagunduta, baina baita ere ematen dizkiegu etxean sortzen diren bestelako produktuak, esaterako, udazkenean  zukua edo sagardoa egin ondoren geratzen den sagar "patxa", neguan soroan jasotako arbia eta zenbait baratzeko soberakin ere bai. Irudi honetan azkeneko ilar lekak bildu ondoren, ilar landareak janez, gure kuadrilatxoa, 2012ko ekainean.
Hemendik aurrera txahal haragia paketetan prestatuta eskeiniko dugu. Zortzi pakete txikiz osatzen da lotea, bakoitza 600 gramo ingurukoa da, bost kilo guztira. Izozkailuan sartzeko prestatua dago, eta aldiko pakete txiki bat desizoztu liteke. Bost kiloko lotearen prezioa 65 eurokoa da.
Pakete hauek osatzen dute lotea:
-Xerra bereziak
-1. mailako xerrak
-2. mailako xerrak
-Kostila
-Haragi txikitua
-Gisatzekoa
-Zankarroia
-Txuleta bat

Barazki otarrekin ez bezala, haragiarekin ez da konpromisorik eskatzen. Berez asmoa dugu bi edo hiru hilabetean behin txekor bat izatekoa, baina bakoitzak nahi duen eran eskatzeko aukera izango da.

Probatzeko interesa izanez gero deitu 619689884 telefonora (Gorka) edo idatzi gorkasasieta@gmail.com helbidera.