ZER DA ALTXAPORRU? // gorkasasieta@gmail.com // 619689884 // Itsaso, Gipuzkoa

domingo, 9 de diciembre de 2012

Etxeko "nozilla" hurrekin

 
Egun euritsu hauek aprobetxatuz, hurrekin hainbat errezeta egin ditugu: turroia, barrita energetikoak eta nozilla.
Nozilla  erraza eta umeekin egiteko modukoa iruditu zaigunez, zuekin  partekatzea pentsatu dugu.  Beste biak ere jarriko ditugu aurrerago.

 
Erabiliko ditugun osagaiak, kantuak zioen bezala “leche, cacao, avellanas y azúcar”. Bada hori, basokada bat esne, hiru koilarakada azukre, egiteko txokolatea (bost eta zazpi ontza bitartean) eta hurrak basoa bete.
Oso erraza!!

 
Esneari azukrea nahastu eta su motelean edukiko dugu, 15 bat minututan, ez eransteko nahastuz beti ere.


 

Errotan hurrak xehatu (guk kafea ehotzekoa erabiltzen dugu). Txokolate ontzak esne-azukretan urtu eta jarraian hur xehatuak nahastu, pixka bat loditu arte sutan edukiz.


 
Atera eta potetxo batean hozten utzi eta ondoren hozkailuan kontserbatu.

  
Ogi gainean jarri eta on egin!!


jueves, 22 de noviembre de 2012

Sagar Zukua egiten

 Azaroaren 14an sagar zukua egiten aritu ginen, eta Arantxa eta Aitor izan genituen laguntzaile. Hasteko, sagarra bilduta eta zakuetan daukagu, eta lehenengo lana sagarra ondo garbitzea da. Sagarra ahal den txukunen biltzen dugu, baina beti izaten du zikin pixkat. Aska ondo garbitu eta urez bete,

eta sagar guztiak uretara! Eskuare batekin astindu bat ematen diegu ondo garbitzeko.

 Ondoren saskitxo hauekin uretatik atera
 eta erremolkera!
 Begira nola geratu den ura sagarrak garbitu ondoren!...
 Erremolkea hartu eta Ezkioko Agerrezabal baserrian egiten dugu zukua. Bertako garajea alokatuta daukagu eta bertan daukagu elkarteko makineria. Sagarra palekin hartu eta matxakara botatzen dugu, eta matxakatik zuzenean doa tolarera, tubo lodi hortatik bonbeatuta.
 Arantxa fin ari da sagar patxa zabaldu eta pixka bat zapaltzen
 Azkenengo sagarrak matxakatik pasa direnean, ia bete zaigu tolarea.
 Eta prentsan jarri aurretik hasi da zukua ateratzen
 
 Prentsa lanean jarri eta hurrengo lana, probatzea! Zukua ederki ateratzen da, filtratu egiten dugu aldiko, eta kupel hauetara bota.



Behin prentsak ondo zapaldu duenean berriz askatu egiten dugu sagar patxa, pixka bat mugitu, berriz kargatu eta bigarren prentsaldi bat emateko. Zuku dexente ematen du bigarren prentsaldian



 

 Beste lan bat botilak garbitzea izaten da, bandeja urdin horietan ipini buruz behera eta garbigailuan sartzen dugu. Oso ondo garbitzen ditu, 25 botila hiru minutuan.



 Behin botilak garbituta zukuz betetzea falta, pateurizatzailetik pasa eta 80 gradu inguruan berotuta, gero ondo kontserbatu ahal izateko.

 Zuku guztia atera diogu patxari, baina hemen ez da ezer botatzen. Erremolkean hartu eta bueltan etxera eramango dugu behiei jaten emateko. Ikaragarri gustatzen zaie, eta oso ona da elikagai bezela.
 Makineria guztia eta lokala ondo garbitu
Eta hemen daukagu lanaren emaitza.

martes, 10 de julio de 2012

Udako bisita baratzera

Pasa den igandean Urteaga eta Urkulegiko baratzak bisitatu genituen, eta goiz pasa polita egiteko aukera izan genuen Gorka eta Pilareren eskutik. Baratzak ez ezik, fruta arbolen egoera ere ikusi genuen eta baita kupeletan dagoen sagardoa probatu ere, beste hainbat gauzaren artean.

Lehendabizi, Urteagako baratza ikusi genuen. Letxugen itxura ederra zen, beharbada, sail honetako gauzarik deigarriena.



Kalabazinen bat edo beste mozteko parada ere izan zen.





Patata berria ateratzeko aukera izan genuen, eta kasualidadez-edo, zulatutako metro erdi karratua benetan emankorra gertatu zela esan behar: otarra betetzeko lain ale atera zuten taldeko txikienek.



Letxuga benetan ederrak.


Tipula andana goiko baratzan. Atzean, dagoeneko onenak emanda dagoen ilar saila.


Andere-mahatsak (grosella) baratzeko txabolaren hormaren babesean. Garratz xamarrak, baina jangarriak, nola ez!



Urteagako mintegi inprobisatuan, haziak nola egiten diren ikasi genuen. Gorkak esan zuenez, landare batzuk ez dira beti ondo ateratzen, baina hala ere arlo honetan ere urratsak ematen ari dira poliki-poliki, mintegira joan beharra gutxituz, ahal den neurrian behintzat.


Txikienek ederki pasa zuten lurrarekin jolasean, eta ondoren erremolatx haziak banatzen bandejaren zulo bakoitzean.



Aurretik egindako beste erremolatx bandeja bat.


Jarraian, Urteagako goiko kiwi sailera joan ginen, eta arbolak dagoeneko frutuak ematen ari direla ikusi genuen. Otsaileko podaketa saioa ez zen, beraz, alperrik izan. Gaitzerdi, bertan izan zirenek pasa zuten hotza gogoratuz...


Ahabiak (arandano) kiwi arbolak dauden eremutik gertu.


Urteagako oilategian, oiloa bere txitekin batera eta bestera.


Urteagatik Urkulegirako bidea, sagasti eder baten aldamenetik igarotzen da, eta San Juan sagarrak probatzeko aukera ere izan genuen. Aukeran garratz xamarrak oraindik, baina onak.



Erdibidean, indaba soroa bisitatu genuen. Indaba ez da, hala ere, sail honetan landatzen duten gauza bakarra. Denetik dago bertan: patata, kalabaza, porrua, piperrak, bainak, tipula, tomateak... Biziazada hartu eta jo eta ke lanean.





Poliki-poliki, Urkulegira bidean.




Behin Urkulegin, negutegia bisitatu eta segidan baratza.


Axular eta Axlor, Karobiko nagusiak, aranik goxoenak zeintzuk diren argi erakutsiz. Benetan goxoak, aranak.


Urkulegiko atarian dagoen labea, ogia egiteko erabiltzen dutena. Zer ez dute egiten hauek...


Urkulegiko baratzeko zenbait irudi jarraian.



Eta, nola ez, Urkulegiko upategira bisita. Enboteilatzeko falta zen kupeleko sagardoa gozoa zegoen, sagardotegietako sagardora ohituta gaudenontzat gozoegia (hau inongo aditiborik gabekoa, eta ezberdina), baina ez ginen tragorik jo gabe geratu, ez...


Txooootx!!!!


Eta goiza behar bezala bukatzeko, zer hoberik hamaiketakoa egitea baino! Etxean egindako ogia, patea, txorizoa, gazta, menbrilloa...


Eta hauxe izan da guztia. Goiz pasa polita egin genuen, gure otarrak nondik betetzen diren bertatik-bertara ezagutu eta, lan askorik egin ez genuen arren, Gorkak badaki beharra izanez gero esku bat (edo biak) botatzeko prest gaudela. Arantxak behintzat argi utzi zuen bainak biltzera joateko gogoz dagoela...